Ametsa

 

Mendia beti izan da oso garrantzitsua gure familian, eta jarraitzen du horrela izaten. Bertan bizi gara, gure esperientziak maite dugun jendearekin partekatuz, eta honek eskalatzaile baina batez ere pertsona moduan hobetu egiten gaitu; azken finean, mendian hazi eta hezi gara. Yoli eta Josebak hainbat expediziotan parte hartu zuten Himalaia, Andeetan… baina erronka berri bati ekin zioten: seme bat izatea, eta horrela hasi ziren mendiaz gozatzeko modu desberdinak ezagutzen. Hasieran ni motxilan, gero bizikletako aulkitxoan…

Hazten nindoan heinean aktibitate berriak deskubritzen genituen; adibidez, Txekia eta Frantzian egin genituen egun batzuetako kanoa jaitsierak edo bizikleta zeharkaldiak, beti gure kabuz.

Baso eta errekaz betetako urte batzuen ondoren, mendi gailurrek gure atentzioa deitu zuten berriro, barnean gordeta 10 urte zeramaten sentzazioak berpizten. Pirinioetako hirumilakoetan hasi ginen (Aneto, Vignemale neguan…), eta handik Alpeetara joan ginen, Ecrins aldera. Nire gurasoak gazteak zireneko ibilbide oso antzekoa egiten genbiltzan, baina kasu honetan hirurok batera.

2010ean Nepalera bidaiatu genuen eta bertan Everesteko trekking famatua egin genuen, aldaera txiki batzuekin. 5.600m-ra arteko pare bat mendi igo genituen, munduko mendi altuenez inguratuta geunden bitartean, baina bidaia hartako momenturik ikusgarriena Ama Dablameko oinarrizko kanpamentuan egotea izan zen, mendi dotore honek zeruan marrazten duen profil ederraz liluraturik. Momentu horretan esan nion neure buruari noizbait bueltatuko nintzela, ez nuena espero zen hain laster izatea.

Nire gurasoak 95ean egonak ziren, Iñaki Garcia, Iñaki Unanue eta Bittor Artolarekin; aita oinarrizko kanpamentura bueltatu behar izan zen, motxila jauzi baitzitzaion zorigaiztoko despiste batengatik, eta Bittorrek 3. kanpamendutik gora buelta eman zuen. Yolik tontorra egin zuen, beste bi lagunekin batera, Iñaki eta Iñaki; honek Ama Dablam eskalatzen zuen lehen emakume euskaldunean bihurtu zuen, eta beharbada estatu mailan ere. Joseba, ordea, nahiz eta beste saiakera bat egin oinarrizko kanpamentura jaitsi eta segituan, lagunak jaisten lagundu zituen, eta tonotrrik gabe geratu zen.

Esan dezakegu nire mendiarekiko erakarpen eta miresmenagatik proposatu niola aitari Ama Dablam igotzen saiatzen, eta aitaren bueltatzeko gogoengatik jaso nuela zalantza gabeko baiezko erantzuna. Horrela jaio zen ideia, askorentzat munduko mendi ederrena dena eskalatzeko proiektuari lekua eman diona.